Azaroaren 18an hasi zen Euskaraldia, Hendaian 30 Arigune, 370 Ahobizi eta 133 Belarriprest izan gara eta gaur abenduaren 2an txapa kentzeko eguna iritsi da.
15 egun hauetan, ekitaldietatik haratago, hitzez ekin diogu, komunitate bat garela erakutsi dugu, erronka berriei aurre egin diegu, euskaraz hitz egin nahi duenari bidea erraztu diogu, egun hauetan indar bat egin dugu. Eta orain zer? Nahiz eta Euskaraldia amaitu den ez diogu Ahobizi eta Belarriprest izateari utziko, hau ez dadila ariketak iraun duen horretan gelditu, denboran eta espazioan euskara zabaltzen jarrai dezagun, adibidez, Hendaiako 30 ariguneak hor ditugu balia ditzagun 365 egunez.
Gure euskara bakarra izanik errealitate oso desberdinak bizi ditu, bi estatutan banatua bakoitza bere legediarekin, baita lurralde desberdinetan, bakoitza bere araudiarekin, baina horrelako ekimenek euskara bat eta bakarra dela gogorarazten digute, abestiak dioen bezala “bat bera dugu hizkera”.
Euskaldunoi bakarrik inposatzen zaigu elebidunak izatea, aldekotasunaren garaia pasa da, ekiteko garaia da orain eta hitzez ekingo diogu.
Euskararen normalizazio bidean:
– Norbanakoak espazioak irabazten jarraitu dezakegu, euskaraz gehiago kontsumituz eta euskara gehiago erabiliaz.
– Enpresek euskararen erabilera eta ikaskuntza sostengatu dezakete.
– Instituzioek hizkuntza politika ausartak garatu eta martxan jarri ditzakete.
– Elkarteek aktibazioa bultzatu dezakegu.
– Eskolek euskaraz ikasteko aukerak eskaini eta sentsibilizazioa landu dezakete.
Bakoitzak abiapuntu desberdina dugu, baina helburu bera, pausuz-pausu erronka berriei aurre eginez, bakoitzak bere ardurei ausarki helduz eta zailtasunak gaindituz, gure helburutik gero eta hurbilago egongo gara, bakoitzak ematen dugun urrats hori, besteak ematen duenari gehitzen baita eta urrats bat, milaka urrats bilakatzen dira, horrela bidea elkarrekin eginez.
Eskerrik asko Euskaraldiaren antolaketan gurekin batera lana egin duzuen guztioi, ekitaldietara hurbildu zareten guztioi eta batez ere eskerrik asko Ahobizi, Belarriprest eta Arigune guztioi, zuek gabe ez baitago Euskaraldirik, jarrai dezagun gure bidean euskarak 365 egun ditu eta.
Aho zapore goxoarekin Euskaraldiari agur esateko hemen antolatu genuen bertso saio partehartzaileko zatitxo bat Bertsotan elkarrekin